Zer da bertsoa Bertsolaritzaren historia  |  Txapelketen historia  |  Bertsolaritzaren transmisioa  |  Bertso doinutegia  |  Bertsozale Elkartea  XDZ 
 

Bertso Doinutegia

Datu base hau 1995ean Bertsozale Elkarteak argitaratu zuen Joanito Dorronsorok urteetan bildu eta sailkatutako Bertso Doinutegiaren eguneraketa da.

Momentu honetan 2775 doinuz osatuta dago eta aurrerantzean eguneraketak automatikoki egingo dira, horretarako "Iradokizunak" atala jarri da zuen zuzenketa, aholku eta oharrak jasotzeko.

Gaiari buruzko bibliografia:

Bertso doinutegiari hitzaurrea / Joanito Dorronsoro

1. Sarrera orokorra
2. Doinuak historian zehar
3. Izendapena
4. Neurriaren araberako sailkapena
5. Bertso doinuak euskal musika popularraren barnean
6. Doinu sortzaileak
7. Bertso doinuak eta erlijio musika
8. Bertso doinuak eta musika polifonikoa
9. Bertso doinuak gaur
10. Doinuaren eginkizuna eta garrantzia
11. Bertso doinuaren egitura
12. Azterketa musikala
13. Aldakiak
14. Eskerrak
15. Bibliografia

 

Sarrera orokorra

[gora]

Bertsolaritzaren historiaren atal berri bat ireki dugu 1980. urte inguruotan. Ikertzaileon artean ez dut uste duda haundirik izango dugunik begi bistan dagoen hau aitortzeko eta jakina denez, ez noa hemen hori frogatzera. Irakaskuntzan bertso mundua txertatu asmoz egin den ahalegin harrigarria jotzen dut Amurizaren Txapelketarekin irekitzen den aro berriaren adierazpide nagusi. Besterenganatu ezineko eta berezko dohain misteriotsu aparta omen zen bertsogintza, edozein zientzia edota arte disziplina legez, erreflexio eta aztergaitzat hartu eta eskolan haur, gaztetxo eta helduei pedagogiazko bitarteko modernoz, helburu garbiekin programa zehatzen barrenean irakatsiz, eta egitasmo honek nahitaez eskatzen duen giza eta lanabes azpiegitura zabal sendoak kultur iraultza sakona dakar gure ahozko ekoizpen artistikoan. Une horretantxe kokatu behar da nere ikerlan honen jaiotza.

Ahozko literaturaren barrenean eta hitzaren kirol nazional gisa definitu izan den arte hau, hitz kantatua denez, literaturaren hesiz kanpoko arlo hau ere, musikarena alegia bete betean hartzen duela ikusi nuen eta bertso munduan orain arte gutxi erreparatutako alderdi garrantzitsua dela jabeturik definizioak gerorako utzita, bilduma egiteari ekin nion ilusioz.

Burutu ditudan Bertsotan bilduma biak eta Doinutegia elkarren senide dira beraz eta bi lanak elkarren parean eraman ere egin ditut, argia ikusten azkena hau izan baldin bada ere. Bertso mundua eta herri musika, biak batera, elkarren lagun, izan dira gure herri honen sentimendu aberatsen adierazle jator historian zehar. Liburu hau ez da irakurtzeko egin, nioen nik duela 14 urte Bertsotan I argitaratzerakoan, kantatzeko baizik; bertso liburu denez kanta liburu da beste ezer baino gehiago...

Bertsolari, bertsolarigai, bertso idazle eta bertsozalea izan dut gogoan batez ere; bertsogintzari bait dagokio zuzen zuzenean, neurriaren arabera sailkatze hau. Gai bakoitzari zegokion doinua ezin eskuraturik Xalbadorrek behin kanporatu zuen sufrimendu hura bertsolariek errezago gaindi dezaten erraminta-kaxa prestatzea izan da nire ametsa.

Zortziko txiki eta haundiko neurritara mugatu da gehienbat gure garaiotako bertsogintza baina horietaz kanpo ere neurri motzeko nahiz luzekoen abanikua asko zabaltzen da gure begien aurrean herri doinuen baso mardul honetan sartu ezkero. Bertsoak ez du zergatik lau puntu gutxienez izan beharrik, askotan hala uste izan bada ere; laburra eta ona, bi aldiz ona.

Ahozko mintzamena eskolan, kalean eta etxean bultzatu nahiean gabiltzan honetan, ez zaigu gaizki etorriko haur kantu, jolas-dantza eta koplagintza arineko melodia jostalariak eskura edukitzea adibidez. Baina badakit euskaldun musikazale eta kantariak ere topa dezakela bere gustuko bitxi aukera-aukerakoren bat, kantutegietatik baino gehiago agian bertsolarien tradiziozko iturri bizitik jaso ahal izan ditudan ale ineditoen artean. Gure herri eta giza bizitzak historian zehar Pirineo eta Kantauri arteko lur, eguraldi-giro eta naturarekin harremanetan izan dituen hamar mila haserre-pozaldi, hitzjoku-jolas, ideia eta sentimendu nola adierazi dituen bertso kantuz jakiteak, bide eman dezaiguke aurrerantz ere geureak kanporatzeko.

Kalitate aldetik kolore guztietako loreak aurkituko dituzu hemen, nola ez; eder, itsusi, xume, bikain, basati, arrotz... dagoena jaso egin dut. Eta berdin esan nezake nolakotasunaren aldetik; sarkor, txepel, indartsu, alai, goibel, tolesgabe, ezti, garratz... eta adjetiboak ilaran luza nitzazke. Aurkitu dudanari ez diot inongo mugarik edo zentsurarik ipini. Dagoena eta dagoen guztia zerbitzatu eta eskura ipini beste asmorik ez dut izan.

Doinu, aire, melodia, musika, errezitapen, kantu, abesti edo beste zenbait izenez baliatu gara euskaldunok. Aire hitza erabili dute gehienbat Ifarraldeko senideek eta baliagarri derizkiot baina hitz honek melodia ezezik, Hegoaldekoentzat behintzat, esanahi gehiago ere badituenez, gure eginkizunerako agian zentzu irekiegia duela eta doinu hitza aukeratu dut, batipat zehatzagoa delako, eta ondorioz bilduma honi Doinutegia deitzea erabaki dut. Gero aztertuko ditut gehixeago bertso doinugintza eta euskal herri musikaren arteko harremanak, baina esan dezadan zentzu oso zabalean hartu dudala bertso doinu hitza, kontuan izanik nire helburu nagusia bertsolariei lanabes ugari eskuratzea besterik ez dela, edozein neurri edo motako dela ere.

Egia da doinu bakoitzari buruz izan dezakedala nire iritzi musikala, eta egia baita ere, * zeinuaz markatu ditudala ederren edo garrantzitsuen batzuek baina gainontzean ez naiz ibili doinu egoki ala eskasa ote den aukeratzen. Bitxirik preziatuena eta alerik arruntena, denetik aurkituko duzu beraz hemen, bertsolari, zeuk unean uneko lanerako egokien derizkiozuna aukera ahal izan dezazun. Txepetx, urretxindor, txantxangorri edota birigarro, denek kantatzen dute bakoitzak bere erara gure bazterretan, eta guztiak edertasun berdinekoak ez baldin badira ere, nik behintzat asko estimatzen dut neguko egunik beltzenetan ere egunsentioro, beste inor ez dabilenean, nere etxe ondoko sasietan txio-txioka agurtzen nauen txantxangorri apala ere.

Doinuak historian zehar

[gora]

Gure gorputzak, kanpoko erasoaldiaren aurrean, badu bere baitan bizi-indarrra krisia gaindituz egoera berritara egokitu eta aurrera egiteko, natur medikuntzak aitortzen digunez, eta antzeko zerbait gertatzen zaie gizarte eta herriei ere, osasuna duten bitartean. Euskal Herrian urte askotan zehar nekazal gizarte trinkoa nagusi zelarik, era guztietako kultur arazo eta eginkizun orori erantzuteko gaitasuna zuen beregan, baina zalantza eta koloka larriak sortu zitzaizkion XIX mendean industria mundua etorri zitzaionean gizarte egitura zenbait printzatu eta gizaldiz gizaldiekiko kultur trasmisioa zaildu eta galtzen hasi zitzaionean. Ordurarte laborari eta artzain gizarteak adibidez bere poz-nekeak eta sentimendu klase guztiak naturarekin harreman estuan eragozpenik gabe eta lasai kantatzen bazituen ere, bere musika popularraren iturri gozoa oparo sortuz, etendura eta biziezina datorkiola eta galbide beltzean sartu dela konturatzean, hara non sortu ziren gure arteko gizon sentibera langileak, besteak beste dantza eta herri musikaren meategietatik ondasun hura ondorengoentzat jaso eta gordeko zigutenak. Joan I. Iztueta zaldibitarra, J. Salaberri mauletarra, Charles Borges, R. M. Azkue, Aita Donostia, Dufau-Barbier, J. A. Santesteban eta beste asko hor sortu ziren Euskalerriaren bi aldeetan. Euskal mundu hura galtzera zihoala konturatu eta herriz herri dantza, kantu eta bertsoak jaso eta ondasun preziatu hura kantutegitan argitaratzeari ekin zioten, herriaren etorkizuna ziurtatuz, honen izaera berezia zibilizazio desberdinetara ondorengo euskaldunok egokitu ahal izateko. Tamalgarria izan da era honetan, Aita Donostiaren bilketa lanak gaur oraindik argitaratu gabe egotea.

Nazio eta herri askotan sortu ziren garai hartan folklore biltzaileak, ez zen gurean bakarrik gertatu baina hala ere, gizaki haiek ongi merezia dute gaurko euskaldunon eskerrona eta goraipamena. Bibliografian ikus ahal izango duzu zehazkiago beraien izen eta argitalpenen zerrenda. Merezi dute hainbeste.

Beste eginkizun bat etorriko da berriz gero haien ondorengoentzat. Haiek jaso zutena herrian zabaldu eta ezagutarazten saiatuko dira XX mendean J. Riezu, P. Lafitte-Dassance, J. J. Makazaga, A. Zabala (hau, bere izena jarraiki, zabaltzaile ezezik meatzari ere trebea izan dugu) eta beste dibulgatzaile asko, gure artean argitalpen ugariz oso ezagunak izan diren kantu-liburutxo popularren egile izan direnak; eta hemen aipatzekoak dira baita ere B. Lertxundi, M. Laboa, Lete-Valverde-Lekuona, Oskorri, E. Martikorena, Pantxoa eta Peio, Imanol, T. Artola eta garaiko beste kantari popular ugari, hedatze lanetan sutsu saiatu direnak. Nolako premiak halako erantzunak, garaian garaiko eginbeharrak, herriak historian zehar bere kultur adierazpenekin jarrai dezan; ez da besterik.

Hemen gorputzeko atal denontzat heltzen da zeregina eta guri berriz ordenatzaile lanbidetxo hau suertatu zaigu 1980. urte inguruetatik aurrera; folklore eta ahozko sorkuntza emankorraren mundu zabala orain bertso arlora mugatuz, nekazal aroko musika popularraren altxor aberatsa ia oso osorik, hain zuzen ere, gure herri bertsolarien fruituz jantzita datorrela ikusi nuen, eta geroztik, nere II bertso bildumako lanetan ari nintzelarik ere, ez dut gehiago baztertu doinutegiaren eginkizunik, egunez egun eta urtez urte, ahozko tradizioan zetozkigun izendatu gabeko doinuak direla, kantutegi zaharren eta kantarien etengabeko ekoizpenaren azterketak direla, eta bertsolaritzak egunero dakarrenari erne aritu naiz geroztikako urteotan.

Gordeta daukat etxean oraindik 1981 urteko apirilean Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultur Batzordeari zuzendu nion eskaria, non agertzen nien urte t'erdi hartan burubelarri murgildurik nebilkien asmo eta proiektuaren berri, ordurako eskuartean nerabilzkien mila doinu haiek argitaratzeak ekar zezaken onura aldarrikatuz. Badirudi hamairu urte geroago etorri dela erantzuna eta, bejondeiola!. Atzerapena ez da kalterako suertatu zeren ordutik hona kopurua bikoiztu egin baita; tartean, besteak beste, lau bertso Txapelketa Nazional jokatu dira, horietako bakoitzak doinuen sailean ere dakarren guztiarekin, Lurraldekakoak eta Eskolartekoak ahaztu gabe. Eskoletarako 1. mailatik hasi eta 8. maila artekoentzat egokitutako liburu pedagogiko interesgarri asko argitaratu da. Bertsotan II bilduma plazaratu da bertako bertsoei dagozkien 120 doinurekin. Bertso eskola desberdinek aurrera darraite eta bertsogintza indarrean dabilenez, urtero ateratzen diren Bapatean izeneko liburu garrantzitsuak eta beste mila argitarapen gaur egun zorionez doinuen izendapenez datozelarik, bertso irakurlea etengabe doa jazten poliki poliki arloa menderatuz, nik uste.

Izendapena

[gora]

Lanbide honetan sartuta lehenbiziko eginbeharra hauxe izan da: doinu guztiei eta bakoitzari izena egokitzea, erabilgarri gerta dadin eta sailkatu ahal izateko deituraren jabe eginaz. Doinu asko eta asko inongo izenik gabeko umezurtz heldu da gugana eta horrela zebiltzan eta dabiltza han eta hemen bertsolarien munduan. Moztasun bildurgarria dakar horrek, zeren inon inola errejistratu gabe daudelarik, galtzeko arrisku haundia alde batetik eta elkarri adierazi ezina bestetik nahiz ahoz aho, nahiz idazkietan.

Bestalde, bertso idatzien izenburu asko eta musika popularreko deitura ugari ez nuen ikusten egokia eginkizun horretarako eta beste batzuk aldiz izen deitura bat baino gehiagorekin zebiltzan. Hitz batean esanda, nahasketa korapilotsua zegoela gai honetan.

Horregatik bada lan honi ekin behar izan nion hasera haseratik gerora zerbait burutu ahal izateko eta bertso doinu guztiak eta bakoitza bere izenez identifikatzen saiatu naiz beste ezer baino lehen. Eta hori egin aurretik, jadanik leku anitzetan idatzi dudan eran, irizpide batzuk ezarri nizkion neure buruari bidean nahastu ez nendin. Ez ziren gutxi solfeoz inoiz argirik ikusi gabeko doinu ineditoak, ahoz ahoko tradizio bizian hor bertsolariek erabiltzen zituztenak. Nondik hartu izena, bataiatzeko, garbi zegoen bertsolariren baten bertsoz zegoela jantzi beharra eta ez nuen zalantzarik bertsorik zaharrena zela horretarako egokiena. Eman dezagun adibidez Azpillagak aurtengo jaialdian erabili duen airea aurrez Uztapidek erabilia dela eta oraindik lehenago Xenpelarrek ere erabili zuela; noren bertsoa aukeratuko dut bada doinuari deitura emateko? Irizpide horixe erabaki nuen beraz: doinua nik aurkitzen nuen bertsolari eta bertso antzinakoenaz jantzi eta beraren lehen esaldiaz izendatzea.

Pentagramatan idatzirik zetozen doinuez ere bazegoen zer erabakirik. Horietako gehienek, bertso jarrien saileko zirenez, bazuten izenburua, baina ez egokia nire ustez doinu hura bertsozaleak identifika zezan eta bertsoaldiko lehen bertsoaren lehen puntuaz izendatzea juzgatu nuen egokiena. Bilintxen bi adibide ipiniko ditut; Izazu nitzaz kupira da bertsoaldiaren izenburua eta bertso doinuarena ere bai. Bertsozaleari ez datorkio ezer gogora deitura hori irakurtzean, horrela ez baita hasten bertsorik, baina Loreak udan intza bezela irakurtzen baldin badu, doinu hori ate joka du segituan, bertsoa ezagutzen badu behintzat. Eta berdin gertatuko zaio Bihotz eritua deitu ala Triste bizi naiz eta izenarekin. Horrela finkatu nituen bi irizpide nagusiak: lehen bertsoaren hasiera eta bertsolari zaharrenarena aukeratzea alegia.

Baina gero lege nagusi honi salbuespen pare bat behintzat egin beharraz jabetu nintzen, zeren ikusi bainuen bertso jarrietako askok hasiera berdintsua zutela eta bera identifikatzeko ez zirela egokiak. Bi kasu dira nabarmenenak; dataz hasten diren bertsoaldiena, mila zortzireun hirutan hogei, mila zortzireun hirurogeita, eta berdin berdin hasten diren beste hamaika doinu desberdin. Eta bertso berriak hasten diren doinu multzoarena da beste salbuespena. Bi mila doinu asko direnez, gertatu zaizkit bidean zehar beste oztopo txiki batzuk ere baina orohar irizpide hauek balio izan didate doinuen izendapena lortzeko.

Neurriaren araberako sailkapena

[gora]

Bertsoaren neurgailu darabil doinua bertsolariak bere sorkuntzan. Horixe da, besteak bestek, doinuaren egitekoa eta, beraz, esan genezake nolako airea halako neurria eta alderantziz. Ongi kantatutako erritmoaren oinkada garbira zehatz egokitutako esaldiak sortzea ez da nolanahiko edertasuna. Bertsozaleak badaki hauxe dela lanbide honen zailtasunik menderagaitzena eta bertsolariaren arrisku nagusia. Bertsogintzaren muin muinetaz ari gara beraz doinu mota eta neurkeraz idazterakoan. Alderdi askotatik begiratuta sailka daitezke doinuak, musika aldetik, gaiari nola egokitzen zaion aldetik e. a. sailkapen zeharo desberdinak lortuaz.

Egia esan, eginkizun honen ur haundietan murgildu nintzen lehen urteetan beste amets bat nuen neure buruan: doinuen musika alderdi teknikoen arabera sailkatzekoa alegia, eta bertsozaleak gogoratuko du agian halaxe eskatu ere egin nuela Bertsotan I izeneko nire liburuko doinuen eranskinean, non doinu bakoitzaren izenburu alboan parentesi barnean bertsozaleak M, Z edo K ipini behar zuen doinua maitasunezko, barregarri edo kontakizuneko juzgatzen zuen eran. Eta urte askotan kilikatu ninduen gainera asmo horrek, lur oso irristakorrean nenbilela konturatu nintzen arte eta proiektuaren ezinak etsierazi zidan arte. Noizbait konturatu nintzen herriko kantu popularren biltzaileek ez dituztela inoiz munduan zehar musikaren azterketa teknikoen arabera sailkatu.

Austriako musikari batek idatzi zuen bai behin artikulu bat proposamen hau agertuz; herri doinuak sailkatzeko biderik egokiena alegia melodiaren izakeraren arabera egitea zela. Hiru alderditatik begiratuta arakatu ere arakatu behar zen melodia bakoitza; tonu eta konposaketa moduari begira lehenbizi, erritmoari bigarren eta azkenik melodia printzipioei begiratuz. Baina ez zuen nik dakidala jarraitzalerik izan Oswald Koller austriarrak eta folklore arakatzaileek betiko bidea jarraitu dute; musika ez, baizik doinuz jantzitako textu edota bertsoa hartu dute sailkapen irizpide nagusitzat.

Baina neri irizpide nagusi honek ere ez zidan balio nere asmoetarako, guztiok dakigun eran, bertsolariek doinu berberaz mila bertso desberdin kantatzen baitituzte, eta ondorioz bertsolarigoari ez nion bide horretatik zerbitzu haundirik egiten eta nik horixe nahi. Bertsolarien eta bertsozaleen ikuspegitik NEURRIAREN ARABERAKO sailkapena da lehenbiziko eta garrantzitsuena. Nolako doinu klasea aukeratzen duen, neurri hartako bertsoa sortuko du, nolako metroa hartu halako bertso klasea. Horixe da bertsolaria zuzen zuzenean kezkatzen duena.

Horregatik, metrika aldetik zenbat bertso mota dauden sailkatzeko modurik egokiena eta ziurrena doinuak aztertzea da. Zenbat doinu klase erabili diren aztertzeak zenbat euskal bertsokera ibili den argituko digu. Eskuartean dabilzkigun bi mila doinu desberdin hauek hor zebiltzan han eta hemen kantutegi, bertso munduko tradizio, kantautore eta bazter zoko askotan barreiatuak eta neurri klase guztietakoak elkarrekin nahasian. Horixe ordenatzea besterik ez da izan nere lanbide hau. Zortziko txikiko doinuak adibidez garbi izendaturik eta bat bestearen ondoren alfabetoz ordenaturik ikusteak argitasun eta erreztasun haundia ekarri eta ekarriko dio bertsolari eta bertsozaleari hainbeste doinu maneia ahal izateko eta doinuen ikuspegi garbia eduki dezan.

Baina baditu bere zailtasunak lanbide honek ere. Bertso doinua, esan bezala, zentzu oso zabalean hartuta erabili dut, baina hala ere muga batzuek ezarri behar izan dizkiot. Hogeita hamar baino neurri desberdin gehiago topa daitezke euskal bertso eta poesia kantatuetan, eta nik ezin nuen horiek denekin jokatu, bistan da; 7/8, 9/4, 6/5, eta beste bertso-neurri askotako doinuak baztertu beharrean ikusi dut neure burua beraz.

Liburuki bakoitzaren sumarioan, lan osoaren ikuspegi orokorra aurki dezakezu. Zein neurritakoak onartu eta zein baztertu erabakitzeko hartu ditudan irizpide batzuk aipatuko ditut hemen. Garbi dago zenbait neurritako multzoek sendo funtzionatu dutela gure herri literatura eta musikan, horretan ez da inongo dudarik. Txikien multzoa dugu alde batetik, bere baitan lauko, seiko, zortziko, hamarreko eta hamabikoak dituelarik eta horietako bakoitzean doinu asko aurkitzen dugularik. Gorputz oso trinkoa dugu beraz hau eta gure tradizioan sustrai sendoak dituena (mila doinutik gora bildu ditut 2 lehenbiziko liburukietan). Haundien saila dator bestetik, honen baitan ere berdintsu lauko, seiko, zortziko, hamarreko eta gehiagokoak dituelarik. Multzo ongi finkatua dugu hau ere inongo dudarik gabe, Hegoaldean behintzat zuztar indartsuekin guretartua (seirehun doinu ikus ditzakezu 3. liburukian). Hirugarren kasua doinu klasikoena dator, sail honetan ere lauko, seiko, zortziko eta beste zenbait aurkitzen dugularik, hauetako bakoitzean kantitate apalagotan agertuarren (132 doinu) eta Ifarraldean batipat gorpuztu zena. Hiru sail hauek bereizteko eta onartzeko ez da noski inongo zalantzarik. Koplen saila deiturikoak ere gure historian nahiko nortasun baduela argi ikusten da bere 140 doinurekin. Horrela bada neurriaren araberako doinu sailkapen honetan lau multzo garbi hauek ageri zaizkigu gure begien aurrean.

Hortik kanpoko doinuen aukeran hasten dira zalantzak. Zergatik hau hartu eta beste hura ez ? Eta guztiak Berezia izeneko sailean sartu ordez, beste atal bat sortu dut argitasunaren mesedetan izango delakoan, baina diskutigarri izan daitekeena eta Neurri berdinekoak deiturikoa (123 doinurekin).

Nire helburu zehatz honek behartu nau, kantutegietan datorren zenbait herri kantu bereiztera eta zatitzera, kantu berean adibidez lauko haundia eta lauko txikia bata bestearekin loturik baidatoz, eta bata sail batera eta bestea bestera bereizi behar izan ditut, nahiz eta jakin gauzak behartzea dela hori eta kantua puskatua gelditu dela. Aztanen portalean adibidez Lauko txikikoen sailean topatuko duzu eta Larrosatxuak bost orri daukaz berriz Lauko haundien sailean, nahiz eta biak kantu bereko zatiak izan, baina hori bai, argibideak ikusi ahal izango dituzu horietako bakoitzaren fitxan. Eta berdin egin behar izan dut zenbait estribilo eta errepikapenekin neurrira moldatu beharraren beharraz, baina kasu horietan ere garbi adierazi dut fitxaren azken oharrean.
Gure herri musikak ez du normalean estribilorik; bertsoz dator jantzirik, herriaren partaidetzarik gabe. Baina badira bestelako kasu bakan batzuk, Zazpi Euskalerriek (4. txikia) eta Agur eta ohore (8. txikia) adibidez kantu bera dira baina horrelakoetan bereizi egin behar izan ditut.

Egia da ahozko literaturako arlo desberdin diren bertso, poesia, erromantze, haur-kanta eta besteren arteko mugak askotan nahasiak dabiltzala eta era honetan entzun ohi da gure artean zenbait kexu edo kezka, herri literaturaren soro zelai desberdinetan bertsoarena gehiegi jorratzen ari ote garen alegia, besteen kaltetan, baina bat lantzen den moduan besteak ere berdin edo gehiago zaintzera bultza behar ginduzkela uste dut, baina konturatzen naiz bestalde, hau bezalako lan praktikoa burutu nahiak ez duela asko laguntzen gauzak garbitzeko.

Asko idatzi da euskal poesia eta bertsoen metrika eta neurkeraz, baina ez nahikoa. Oraindik korapilo eta zalantza ez gutxi dago askatzeko eta finkatzeko. Bertso mota batzuen izen deiturak ere finkatzeke dauzkagu.

Lehenbizi egin nuen sailkapenean, Bertsotan I liburuan zortziko eta hamarreko txiki haundiak jaso nituen sailka, garbi zeudelako eta bertsolariei gehienbat lau neurri horiek interesatzen zaizkielako gaur gaurkoz. Beste gainontzeko guztiak Berezi deitu nien sail berean sartu nituen. Gero haren ondoren 1982an argitaratutako Gida liburutxoan asko zehaztu nituen sailak; zortziko-hamarrekoez gain lauko, seiko eta hamabiko txiki haundiak eta baita neurri zahar edo klasikoenak ere. Arlo hau landu zuten baita ere garai horretan plazaratutako bi liburu garrantzitsuk: Joan Mari Lekuonaren Ahozko Euskal Literatura eta Xabier Amurizaren Bertsolaritza Hitzaren Kirol Nazionala izenekoak.

Dena dela, neurkera kontu honetan ezin dugu aipatu gabe utzi Manuel Lekuona maixuaren teoria ere, zeinen arabera bertso euskaldunak ezin baitira neurtu silabak zenbatuaz, gaur guk denok egiten dugun moduan, oinen bidez baizik, grekoak eta latinak (daktilo-espondeo bereizketaz) egiten zuten eran, euskerak dituen azentu desberdinen golpaketa oinarrietan sustraituaz. Guk onartu dugun silabaz silaba zehatz zenbatuz neurtzeko praktika hau noski, gazteleraren berdina izateaz gain, zehatza eta batez ere erreza eta xehea dugu, horrek irakaskuntzarako dituen abantaila guztiekin, baina gure tradizioa neurri estu hauetara sartzen lan izan dut, kasu batzuetan behartzen ari ote nintzen kezkarekin.

Bertsolari eta koplari zaharren fruitu basatiak oso libreak dira bai gure neurri molde lehorretara biltzeko eta baita gaurko musika idazkerako pentagrama eta konpas egitura gogorretara ere. Orohar literatura eta musika idatzia baino askoz malguago eta askeago dabil ahozkoa. Adibide gisa aipatzearren, zenbat kopla doinu datorren orain 8/8 silabaz eta gero, doinu bera ezer aldatu gabe 10/8 hizkiz!. Doinu berberaz kantatuko dizu koplariak, orain Santa Ageda bezpera, gero Santa Ageda bezpera eta, ezer aldatuko ez balitz bezala, orain 8 hizki dituenak gero 10 ukanez. Uso xuria errazu delako doinuak 8/8 silabatan dabilen puntu-doinu bera erabiltzen dute ugari gaurko bertsolariek Santa Barbara zure bizitza II izenekoz zortziko haundiaren neurrira ezer aldatu gabe. Hauek errealitate honen adibide batzuk besterik ez dira.

Gainera esan behar dut bertsolariak ere bere lanera ohitzen den heinean, erreztasunera jotzen duela, beste guztion antzera. Arraro egiten zaizkion neurriak ohituta dagoen moldetara egokitzeko joera du bertsolariak, eta horrela aberastasuna galduaz jatorrizko bideska meharrak autopista bilakatzen dira. Nik sailkatu beharraren beharrez nahitaez doinu guztiak neurri eta lerro jakinetara biltzerakoan zailtasunak izan ditut zenbait doinu zein sailetan sartu erabakitzerakoan, neurriak ez baitzebiltzan garbi, bertso zahar ugarik luze motzean gorabehera haundiak baitituzte. Metrika arazoekin topo egiten dugu askotan.

Bestalde, pentsa dezagun une batean bertso doinuak biltzen dabilenarengan, biltzaileak izan dituen eragozpenetan. Ez magnetofoi eta ez ezer, papera eta arkatza eskuan, hitzetik hortzera kantatzen diona zuzen transkribatzeak dituen zailtasun eta arriskuak ez dira nolanahikoak, eta fideltasuna ez da erreza benetan. Eta nork kantatu dion ere batetik bestera alde haundia egon daiteke eta ondorioak ateratzea ez da zaila. Bertso bereko puntu batean esate baterako bi hizki datoz bi musika zeinukin eta beste puntuan berriz hiru hizki musikan tresillo darabilelarik, eta beste antzeko kasu ugari. Bestalde guztiok dakigu Xenpelar haundiaren orrazkera apaineko eskola Euskalerri osoan nagusitu zen arte nola zebiltzan gure artista popularrak.

Edonola ere, Manuel Lekuonaren teoria, praktikan erabiltzeko gaurkoz asko landu beharko balitz ere, oinen eta gure azentuaren arabera neurtzeko araua prinzipio mailan nik ez nuke besterik gabe baztertuko, eta gure arteko norbait hartara jarri eta estudiatuko balu, agian luzarora izan lezake probetxurik guztiontzat.

Bertso doinuak euskal musika popularraren barnean

[gora]

Dudarik gabe esan genezake, salbuespenak salbuespen, bertso doinu oro sartzen dela bete betean euskal herri musikaren baratzean baina alderantziz berdin esan al genezake ? Musika popular oro bertso doinu dela esatea ez al da gehiegi ? Egia da gure koplari bertsolariek neurri txiki eta haundiko edozein doinu dela ere beren lanerako erabilgarritzat jotzen dutela gaur egun, doinugintzan murgiltzen ari diren heinean. Eta berdin esan genezake irizpide hori logikaz luzatu ezkero, koplen neurrikoetaz eta klasikoetaz ere.

Bertsolaria behin bere esaldiak molde jakinetara neurtzen dituen heinean, dela 7/6, 10/8 edota 8/7 dela ere berdin zaio alde honetatik sail horietako edozein doinutan kantatzea. Egia da baita ere historian zehar bertsolariek neurrian nahasi eta zaila den edozein moldetako doinu hartu dutela bertsogintza idatzirako gehienbat. Ikusi besterik ez daukagu Bilintxen Joana Bixenta Olaberena edo Xenpelarren Frantsesaren ideak, edo Basarrik Iduzki denean aukeratu zituzten kasuak adibidez. Eta ez idazteko soilik; Euzkitzek esate baterako bapatean ere erabili ohi du Joana Bixenta Olaberena. Era honetan, bertsolariak bere eginkizunerako egoki derizkion edozein doinu har dezakela aitortu ezkero, esan genezake edozein doinu izan daitekela potentzialki bederen bertso doinu. Edonola ere, muturretara joanda, Etxahun Iruriren Agur Zuberoa izeneko doinuaren antzekoek neurri errima aldetik dituzten zailtasunengatik etabar ez da erreza bertso doinutzat hartzea.

Neurri moldetik bakarrik begiratuta ari baldin banaiz ere, mugak kentzen eta gehiegi zabaltzen ari naizela esango du agian irakurleak, baina, dena dela, euskal musikaren kantutegi tradizionalak aztertzen baditu batek, harriturik gelditzen da ikustean zenbateraino agertzen diren gure bertsolari anonimoen lanak doinu horien jazkeran, zenbait jasotzailek batzutan bertso arruntegia omen zela eta poesia ustez kultoagoaz trukatu baldin badu ere. Gure herri musika eta bertsolarien iharduna historian zehar zenbateraino elkartuak ibili diren konturatzea benetako aurkikuntza izan zen niretzat, bertso doinuen ikuspegia asko zabaltzen delarik. Euskal musika gainera zeharo silabikoa da, hau da, melodia hizkiz hizki doa xume xume inongo melisma edo hornidurarik gabe, hau da, bertsogintzarako apraposa da goitik beheraino, sortu ere horretarakoxe sortu baita askotan.

Doinu sortzaileak

[gora]

Herri doinua nork sortu ote duen galdetzean, badakigu jende multzoak ez duela ezer sortzen; ezezaguna izanarren, norbait izan da doinua asmatu duena. Herriak bere egin du, moldatu ere bai agian bereganatu ala denboraren poderioz, baina sortu norbaitek sortu du, herriko artistaren batek. Baina gero astiro ahoz aho batetik bestera eta herriz herri zabaltzean, erabiliaren erabiliz, uretan dabilen harritxoaren antzera, ertzak lehunduz eta borobilduz, melodiaren barne muina eta mamia gordeko badu ere gaineko azalera gozatuz bereganatuko du herriak. Kanpoko zehaztapen ugari galdu edo erantsi ondoren, urtetan zehar ahoz ahoko galbahean pasa ondoren, herriaren, kasu honetan Euskalerriaren gustu eta izakerara moldatu ondorengoari deituko diogu euskal musika popularra. Asmatzailea edonor dela ere, bertsolari-bertsozaleen erabilkeraren eta onarpenaren froga igarota geldituko da jendearen oroimenean eta zerbitzutan; bitartean ez. Orduan esan daiteke denona eta inorena ez dela.

Duela urte batzuk bertso munduan indarrean ibili zen doinu bat datorkit burura; Txomin Artolak asmatutako Gu gazte ginadela izenekoa alegia. Ez dakit oraindik herri musikatzat har daitekeen ala ez baina konparatzeak merezi du doinu hori nola darabilten bertsolariek eta nola datorren Bertsotan II liburuko eranskinean solfeoz kantautore berak idatzitako erritmo berberean. Eta kasu honek beste doinu askorekin gertatzen denaren adibidetzat balio duela uste dut.

Xenpelarrek kantatutako bertso famatu haiek datozkigu hemen harira:

Iparragirre abila dela
askori diot aditzen
eskola ona eta musika
hori hoiekin serbitzen
ni ez nazu ibiltzen
kantuz dirua biltzen
komeriante moduan
debalde festa preparatzen det
gogua dedan orduan.

Eskola ona eta musika
bertsolaria gainera
gu ere zerbait izango gera
horla hornitzen bagera
atoz gure kalera
baserritar legera
musika hoiek utzita
Errenterian bizi naiz eta
egin zaidazu bisita.

Joxe Mari Iparragirrek doinu asko asmatu zituen eta gitarra joaz zabaldu ere bai, geroztik haren doinuak gure artean oso ezagunak bilakatu direlarik, horietako askok Italia aldeko kutsu arrotza baldin badu ere. Urtxaile bertsolaria eta zenbait bertso saltzaile itsu ere badakigu era berdintsuan ibili zirela kantari gure herrietan musika istrumentu desberdinekin lagunduz. Baina Xenpelarrek ez dio estimazio haundirik ematen Iparragirreren musikari, baserritar legea komerianteenari kontrajarriaz.

Egia da bestalde Xenpelarrek garrantzi haundia eman ziola doinu kontuari; berak ez zituen asmatuko baina haren bertsoei esker neurri mota guztietako doinu zerrenda luzea heldu zaigu guregana. Eta antzeko zerbait esan genezake Bilintx, Etxahun biak, Txirrita, Xalbador, Lasarte, Basarri, Uztapide eta beste bertsolari askotaz. Santesteban maixuak ere inoiz doinuak propio asmatu zituen Bilintxentzat. Gero gure garaiotan kantautore eta musikariek hartu dute bide hori. Zerrenda luzea aterako litzaiguke guztiak hemen jarri ezkero eta ez da hau horretarako leku egokia; asmatu dituzten doinuei dagozkien fitxetan agertuko dira sortzaileen izenak. Inoiz bertsolari beroriek izan dira asmatzaile; Jon Lopategi, Jon Enbeita, Manolo Arozena eta batez ere Xabier Amuriza da kasurik nabarmenena.

Bertso doinuak eta erlijio musika

[gora]

Gure ikuspegitik konplexurik gabe eliz musika aztertzeari ekiten badiogu, bien arteko harreman onak ageri zaizkigu garbi alde guztietatik. Hasteko, gure doinu zaharrengan musika gregorianoaren eragin nabarmenaz konturatzen da itsuena ere. Aita santu san Gregorio Haundiaren deituraz ezagutzen dugun eliz kantu famatu hau bera ere ez ote dugu gero Calabrian Erdi Aroko artzainengandik jasotako doinu popularra?. Nolanahi ere eta Italiatik Euskalerrira itzuliaz, bertso doinu zaharrak jendartean kantatzen hasi naizen gehienetan entzun izan dut esaldi berdintsua; horrek elizako kantua zirudik, moteil!. Ikusi besterik ez dago Charles Bordes frantses musikari famatuak euskal musika eta gregorianoaren arteko harremanaz egindako azterketa musikalak. Doinu berrietara baldin bagatoz ere, X. Amurizak asmatutako Sentimentua sartu zitzaidan izeneko doinu ezagunak garbi garbi Salve Regina gregorianoaren kutsu nabarmena du, berak ere aitortu izan didanez, eta badu Amurizak beste doinu berririk ere kutsu berdina duenik.

Herria eta eliza, bien arteko nork nori hartu ote dion antzematen ez da erreza askotan, baina argi dagoena zera da; Erdi Arotik gaur egun arte, eliza eta bertso munduak lotura haundiak izan dituztela elkarrekin batak besteari doinuak kopiatuz, eta gaur ere bai. Elizak kultur zapalkuntza bildurgarriak ere egin ditu historian zehar, baina aitortu beharra dago askotan bere mezu unibertsala herri bakoitzaren kulturan txertatzen saiatu dela, eta kasu honetan gure herri musikan. Eta bestalde aitor dezagun eliza katolikoak eragin izugarria izan duela Euskalerrian eta bertso munduan ere bai. Bertsolariek asko kantatu dute, ez hainbeste liturgia edo kulto gaietan, baina bai Gabonak, Arantzazu, apaiz kontuak, katekesi gaiak, mixioak, hiletak eta antzeko beste mila gaietan. Zalantzak izan ditut erlijio musika ala eliz musika deitu, baina lehenengoarekin gelditu naiz. Erlijiozko gaiekin lotuak datozen 287 doinu zenbatu ditut bilduma honetan eta beste 76 Gabonetako; begi bistan dago beraz gai honen garrantzia. Bizpahiru adibide ezagun aipatu besterik ez dut egingo amaitzeko; Salbatore Mitxelena frantziskotarraren 20 Kanta Arantzazuko, Ama Birjina Erkudengoa, Gaueko izar argitsuena izeneko doinu ezagunak edo gaurko liturgia berriko elizkizunetako abesti ugari.

Bertso doinuak eta musika polifonikoa

[gora]

Gure herri musika aztertzen hasi eta hainbeste kopla eta bertso bertan topatzearen aurkikuntzak harritu baldin baninduen, tamaina apalagotan baina antzeko zerbait gertatu zitzaidan euskal musika polifonikoarekin. Oi laborari gaixua, Maritxu nora zoaz, Sed libera nos a malo, Goizean goizik, Pilota partida bat, Bortian Ahuzki, Xori errexinula, Beti penetan, Maitatua sobera, Lurraren pean, Albaiteruen sala, Larre gorrian, Norat joaiten zira, Mendekoste festetan... eta horrela jarrai daiteke aurrera, musika polifonikoaren barrenean aurkitzen ditugun bertso doinuak izendatzen. Gure musikariek noski herri musikaren iturri emankorrera jo dute melodia horien gain beren joku musikalak eginez edertu eta gure abesbatza, otxote eta koruen esku uzteko; herriagandik jasotakoa herriari itzuliaz.

Zenbat aldiz entzun ote dizkiegu gure herrietako koru bikainei lauzpabost abotsetara armonizaturiko abesti eder horietakoak, kantatzen ari ziren bertsoa Txirrita, Etxahun, Bordel edo beste bertsolariren batena zela konturatu gabe!. Goraipatzekoa da arlo honetan Aita Donostia musikari finak egindako lan aparta; batez ere Nafarraldeko baserri eta auzoz auzo jasotako doinu bitxi ederrak, gero berak musikalki jantzi eta apaindu ondoren, berriro euskal herriari itzuli dizkio, koruetan kantatu, edo musika tresnaz jo ahal izateko, gero J. Riezu fraile nafarra argitaratzen joan zaigun 10 liburukietan ikus ditzazkegun eran. Baina Aita Donostiaz gain, Charles Bordes, Salaberry, Azkue, Guridi, J. A. Santesteban, Sorozabal, Rodney Gallop eta beste musikari askori zor diogu hori.

Bertso doinuak aldi historikoka eta lurraldeka

[gora]

Bertsolariek ez dituzte noski beti berdin kantatu bertsoak. Euskalerriko lurralde batetik bestera alde haundiak nabari dira bertso doinuetan; horretan ez da dudarik. Denborak ere eragin izugarria du bestalde, jendearen joera eta gustuak moden antzera aldatzen baitoaz, gero eta azkarrago gainera.

Zuberoa berezia dugu bai bertsogintzan eta baita doinu kontutan ere. Salaberry mauletarrak jaso zizkigun batipat bertako aire xarmantak. Lurra ere halakoa eta artzantza eta laborantzari lotua jarraitu duen gizarteak oraindik ere xarma berezia du, besteak beste bere musika eta kantaeran. Gure mende honetan Etxahun Irurik doinu oso politak sortu ditu. Kasu zehatzen bat salbu, ez dute ezagutzen neurri haundiko doinurik eta bertsorik. Benito Lertxundi kantari oriotarrak zabaldu ditu asko Hegoaldean hango kantu zaharrak gaur estimazio haundia dutelarik Euskalerri osoan. Beñat Mardo eta Etxahun Barkoxeren garaietako tradizio aberatsak ia gure egunok arte iraun du eta ez du aparteko aldakuntzarik jasan gizarte tradizional hartan.

Ifarraldeak orokorrean, Nafarroa barne, tradizio musikal aberatsa du. Edota nahiago baduzu, berdin esan daiteke beste era honetara: Nafarroak alegia, Ifarraldea barne, euskal musika bikainaren ondare aparta duela. Borges, Villehelio, Gallop, Salaberry, Hiriart, Donostia, Dufau, Gabriel Lertxundi eta gainontzeko musikari biltzaileek lan haundia egin zuten herri musika zehazki jaso eta garbi zabaltzen. Garrantzi haundia izan dute zabalkunderako 1921 - 1937 urte bitartean argitaratutako Gure Herria aldizkariaren eranskin musikalek. Eta horrela esan genezake neurri askotako bertso doinuen aberastasun musikal oso landua, zehatza eta ongi finkatua heldu zaigula gure egunotara herrialde horretatik. Literatura idatziak eta musika ikasiak Hegoldean baino eragin askoz haundiagoa izan du bertso doinuetan eta bertsogintzan. Gure gainbegiratu azkar honetan albora gelditzen zaizkigu halabeharrez tradizio musikal hori gureganatu dadin bitarteko beharrezko izan diren beste askoren izen abizenak, baina ezin dut ahantzi Xalbador eta Mattin bikotea. Ifarraldeko kantu popularrak zabaltzeko disko bana argitaratzeaz gain, zubi historiko izan ziren biak besteak beste hango eta hemengo doinu asko ekarri eta eramanaz. Nafarroako doinuen ekarle gisan hemen aipatu beharrekoa dugu Manuel Lasarte bertsolaria ere; bere kantakera gozoaz aparte Nafarroako doinu eder askoren ezagupidea zor diogu berari. Xalbadorren Odolaren Mintzoa izeneko liburu kasetak oso oparoak diren antzera dugu Manuel Lasarteren Gordean neuzkanak izeneko liburua eta ondoren plazaratu dizkigun kasetak ere bai.

Arabakoaz ezer gutxi heldu zaigu bai bertso eta bai doinu kontuan, Aramaio eta inguruko zenbait kendu ezkero. Nafarroako Erribera eta Arabako lautada zabaletan aspaldi galdu baitzen euskara eta honekin loratzen diren bertso eta musika; geografia kontua da asko.

Bizkaiako ekarria berriz kopla eta dantza munduan nabarmendu zaigu gehienbat, Bartolome Erzillak eta R. M. Azkuek jaso digutenez eta hortik aparte, Enbeitatarrei zor diegu bertso doinu sail bat. Eta gaur egunean berriz Xabier Amurizak izan du aparteko garrantzia; bertso munduan jadanik izen haundia duten doinu sorta dexentearen jabe izateaz gain, besteak beste berak sortu baitu gehienbat urteotan doinu berriz bertsoak kantatzeko ohitura indartsu hau.

Eta azkenik, Gipuzkoako ondare musikalaz zer?. Hau dugu noski Euskalerriko lurralderik euskaldunena eta bertan heldu zaigu bertso tradiziorik oparoena eta ondorioz baita bertso doinurik gehiena ere, bertso doinu hitza bere zentzu propioan hartzen badugu behintzat. Besteak beste, Santestebanek eta Azkuek asko bildu bazuten ere, oraindik beste aire asko eta asko bertso munduko tradizio bizian heldu zaigu ia egunok arte, bertatik batipat A. Zabalak bere Auspoa sortara eta neuk neurri apalagoan Doinutegi honetara jaso dugularik. Eta horregatik esan genezake ahozko ekoizpen ororen ezaugarriak dituela; gizaldiz gizaldi etorri zaigun ondare musikal hori ez dela beste lurraldetakoa bezain finkatua eta musikalki hain zehatz eta garbia; praktikoa deitu genezaioke, bixia, hornidura gutxikoa, bertsolari bakoitzak zertxobait bere erara darabilkiena eta agian kalitate musikal ez hain garaikoa, batez ere Nafarroako eta Ifarraldekoarekin konparatzen baldin badugu. Zortziko haundiko gehienak hemengoak ditugu.

Eta Gipuzkoako bertso tradizioa historian zehar ezagunagoa zaigularik, garbi ikusten da garai bakoitzak izan duela bere kantakera. Interesgarria da ikustea doinu bat bera nola kantatzen zen Xenpelar, Pello Errota-Txirrita, Basarri eta gaurko garaietan; lau aldi hauetako bertso kantaerak elkarrekin alderatzen baldin baditugu, ondorio bat gutxienez nabarmentzen zaigu: lehenago azkarrago kantatzen zela, 18 hizkiko esaldi errimatua edo batzutan luzeagoa inongo etenik gabe askotan agertzen zaigularik; gero Basarriren garaietan astiroago kantatzen zuten bertsoa, etena garbi markatu eta arnasa hartuz; eta gaur oraindik geldiago. Konpara itzazu adibidez Azkuek jasotako Amerikatik buelta eginda delako doinua, (8. haundikoa) eta geroago bildutako Hamaika aldiz daukazu lehendik izenekoa; biak doinu bera, bata etenarekin eta bestea gabe, adibide gehiago ikus ditzake irakurleak III. liburukiaren sarreran. Xenpelarrek asko ireki zuen bertso mota eta doinu desberdinen abanikua, bertso idatzietan gehienbat. Pello Errota eta Txirritaren egunetan azkar kantatzeaz gain, badirudi bertso eta puntu bakoitzaren haseran abiada hartzeko karreratxo bat egiteko ohitura zutela; aldera genezake adibidez Basarrik kantaturiko Ari naizela ari naizela eta Txirritaren Nere etxean haserre daude izenekoak; hauek biak ere enbor bereko adarrak baitira noski. Ideia orokor batzuk aipatu besterik ez dut egin puntu honetan, gero norbaitek gehiago sakondu ditzan, hartarako zaletasunik eta bitartekorik izango balu.

Edozein moduz ere, aldi historiko eta lurraldeka bertso doinuei gainbegirada azkar hau eman ondoren aitortu behar dugu 1936ko gerraondorengo aldi garrantzitsuan, hau da, Basarri, Xalbador, Lasarte, Enbeita izenez deitu genezaioken horretan, Gipuzkoa, Ifarralde, Nafarroa eta Bizkaiaren ordezkari gailentzat harturik, bertsogintza eta doinugintza lurraldekako desberdintasunak gaindituz maila nazionalean jokatzen hasi zela, bakoitzaren ekarpenez elkar aberastuz.

Bertso doinuak gaur

[gora]

Beste nonbait ere esana dugu 1980 urte inguruetan datatzen dugun atal berri honen ezaugarrietako bat doinuen erabilpen ugaritasuna dela. Eskuartean dugun gure herri musikaren ondarea oso emankor eta ugaria baldin bada ere, gure ezagupideko bapateko bertsolarien jarduna doinu gutxitara mugatzen zen. Duela 60 urte Oiartzun inguruetan, sasoi haietako bertsolaritzaren unibertsitate deitu genezaiokenean alegia, dozenerdi bat bertso doinu omen zerabiltzaten gehienbat bertsolariek, Manuel Lekuona maixuak dioenez, eta hala transkribaturik utzi ere egin zizkigun; Txirritarena, Saibururena, Oilokirena, Prantxesarena, Lexotirena eta beste hiru. Bertsolari bakoitzak bakarra zuen gogoko dirudienez, eta guztira zortzi bakarrik datoz; sei neurri haundiko eta bi txikiko. Eta datu zehatzik ez baldin badugu ere, antzeko zerbait dirudi izan zirela 1935 eta 1936ko Bertso txapelketetako doinu multzoak ere, Ifarraldeko bertsolarien zenbait ekarpen salbu.

Gero multzo hori, bistan da, poliki poliki ugaltzen joan da. Bertso txapelketetan isladatzen da garbi nola dabilen garaiean garaiko bertsolaritza orokorrean eta doinugintza zehazki. Ikusi besterik ez dago doinu kopuruak zer gorakada eman duen 1960tik 1990ra, eta berdin esango genuke 1935tik 1960ra. Bertsogintzako teknikaren arlo guztietan joan da jazten bertsolarigoa eta honetan ere ezagupide gehiago du. Gaur eguneko bertsolariek eskutada haundia dute neurri bakoitzean segun eta zein gaitarako gutxiasko egokiturik. Guztietan baina batez ere hamarreko haundiko eta neurri askotako doinu berezien sailetan ari dira jazten. Iturri askotatik edaten dute; nahiz kantutegi zaharretatik, nahiz kantautore, musikari, eta bertsolari zenbaiten sorkuntza berrietatik. Baina puntu gutxiko neurri txikiek erabilpen motza dute gaurko bertsolaritzan, doinuen ondare aberats honek erakusten duenez, noizbait gure artean askoz gehiago erabili baldin badira ere.

Doinuaren eginkizuna eta garrantzia

[gora]

Esan izan da bertsoak bi alde dituela, hitza eta doinua; esan izan da bietan garrantzitsuena hitza dela eta bigarrena haren zerbitzuan dabilela. Ez dut nik hori ukatuko, ezta gutxiago ere, baina mami-azal, kanpoko-barrengo, zeresan-nolaesan eta antzeko bereizketa logiko horiek ez dakit zenbateraino diren errealitatearen adierazpen egokiak, ederraren mundua eta bapateko bertsogintza aztertzerakoan gehienbat. Nik beti azpimarratu izan dut, kantuz sortzen duela bertsolariak, kantuz jasotzen duela entzuleak eta kantuz irauten duela bertsozalearen gogoan eta oroimenean. Hiru alderdiok dira beraz baztertu ezinekoak doinuaren eginkizuna aztertzerakoan.

Bertsogintzaren aldetik begiratuta guztiok dakigu bertsoa egoki neurtzeko tresna dela doinua bertsolariarengan. Eginkizun apartekoa du beraz, zeren neurketa baita artegintza honetan lanbiderik menderagaitzena. Baina ez da kanpoko tresna garrantzitsu soil bat; hori baino sakonagora joaz, bertso izatearen muin muinean dakust kantua. Ez da ere, aurrena bertsoa moldatu eta gero doinuz jantzi; sorkuntza une berean han ari da airea. Bertsominetan dabilen artista popularrak kantuaren baitan uzten du bere sormena eta haren hegaletan doa bere barrena isurtzen sorkuntza une latz pozgarrian, eta horrela doinuz jaio da bertsoa mundura; kantuaren bidez, doinuarekin batera, doinu da bera oso osorik. Bertso eta doinu, bereiztu ezineko izakera bat berekoak, elkarrekin eta elkarrenganako eginak; kantu berri berria, bizia, freskoa: bertsoa.

Entzulegoaren aldetik berriz esan behar da doinua dela bertsoaren alderdi gustagarrietako bat. Esaldi neurtua, errimaduna, bapatean asmatua, bere baitan dakarren grazia eta gainontzeko elementu atsegingarriekin batera gogoan hartzekoa da musika alderdiak duen atsegina mundu guztiarentzat eta baita euskaldunontzat ere. Bestela nahikoa litzateke bertso mota bakoitzeko doinu bakar bat; estimazio ederra emango lioke, gero eta gehiago eskatzen duen gaurko entzuleak!

Era honetan bertsoa kantu denez, bertsolaria kantaria da eta, behin baino gehiagotan esan dut, zenbait bertsolari, - Manuel Uztapide datorkit gogora - entzulegoa bereganatzeko eta liluratzeko moduko kantari aparta izan dela; belarri ona, eztarri gozoa, ahots modulazio aberatsa, eta ofizioan trebatua. Bertsolari bakoitzak du bere estilo propioa baina, konturatuta edo konturatu gabe, entzulegoarengan eragin haundia du bertsolariaren doinu eta kantaerak; hori ez dago ukatzerik.

Bertsoaren iraupenaren aldetik ere garrantzi haundia du kantatua izateak. Kanturik gabe ez genuke izango euskaldunok gaur eskuartean dugun ahozko ekoizpenaren ondare aberatsa; ahoz aho eta gizaldiz gizaldi heldu zaizkigun Etxahun Barkoxeren ahapaldi ziragarriak adibidez han geldituko ziratekeen urteen ilunpe beltzean galdurik, doinuari esker herriak gorde ez balitu. Elizako dotrina, haur jolas, hitzjoku, esaldi, kopla, erromantze eta beste, kantuari esker heldu da gureganaino. Egia da gaur asko aldatu direla gauzak, eta bertsoek segurtatua dutela gure ondorengoenganainoko iraupena idazki, magnetofoi, compact disc, bideo, mikrofilme eta beste aurrerapen izugarriei esker, baina gaur ere doinuak badu eginkizunik bertsoak buruz ikasteko eta gordetzeko orduan.

Bertso doinuaren egitura

[gora]

Baduzu, irakurle, ataltxo bat hor doinu bakoitzarekin datorrena argibide fitxetan egitura izenez, non ABDB edo antzeko hizkien bidez adierazten zaizun doinuaren osagai desberdinen konposaketa. Hemen, Sarrera Orokor honetan, bi hitzetan laburtuko dugu gai honi buruzkoa.

1) Bertso doinuren musika oso laburra eta motza da, bertsoa bera den bezala, baina honek ez du esan nahi ederra ez denik. Laburra eta ona bi aldiz ona esaera aipatua dugu lehen ere eta ez da gezurra, zeren aparteko bitxi musikalak aurkituko dituzu gure euskal kantutegian.

2) Bertsoaren oinarrizko ardatza noski puntua da, beronen jira-biran itzulika, bi, hiru, lau edo gehiagotan errepikatuz osatzen delarik. Hainbeste hizkitan neurtu eta amaieran errimatzen duen esaldia da bertsoaren oinarria, eta horren errepikapenetik - versus - datorkio hain zuzen ere latinetikako bertso deitura ere. Orain doinuaren egiturari buruz ere antzeko zerbait esan behar dugu; puntu doinua dela nolabait bertso doinuaren oinarri musikal nagusia bai erritmoz eta baita melodiaz ere; ez ondorengo doinu osoa puntu doinu horren errepikapen hutsa izango delako, baina bai oinarri musikala, nahiz erritmo aldetik, nahiz melodia kontuan. Lehenbiziko esaldi erritmodun melodiazkoa bertsolariari entzun diozunean, esan zenezake handik aurrerakoak ardatz horren itzulbiran jokatuko duela. Puntu doinua ezezik lerroa bera ere erritmo kontuan esan daiteke bertso doinu osoaren ardatz dela kasu askotan, puntu doinua ia beti.

Baina esan beharra dago hemen ez gabiltzala matematiketan eta salbuespen ugari dituztela arau hauek, zeren erritmo kontuan ari garenez esan behar da euskal doinu asko aurkituko duzula erritmo librekoa, eta konpas mota bat baino gehiagotan idatzitako doinu ugari ikusiko duzu eta beraz ezin hitzegin erritmo ardatz bakarretaz. Doinuen joeraz ari gara, behin ere ez lege ziurraz, hegaldi librean baitabil arte popularra .

3) Hainbeste neurri klasetako doinuak dauzkagunez, ez da erreza guztien egituraz orokorrean hitzegitea, baina hala ere aipa daitezke lege nagusi batzuk. Ez puntu askoko eta ez gutxiko, erdibide gisan, har dezagun adibidetzat zortziko txiki edo haundiko bertso doinua, lau puntuz osatua beraz eta azter dezagun egitura aldetik. Gogora dezagun beste doinu klase guztietan bezalaxe puntu doinua izango dela doinu osoaren oinarri, baina doinuaren unitate hori lau puntutan lau aldiz errepikatzen den doinu bat apenas topatuko dugun; A-A-A-A, osagai bakarrarekin konposaturiko hori errezegia eta denbora berean aspergarria suertatuko bailitzaiguke. Eta beste muturrera jota, A-B-D-E, batere errepikapenik gabe lau puntu doinu desberdin dituen bertso doinurik aurkitzea ez da oso zaila baina badirudi beste lehengo hura errezegia zen eran oraingo hau zailegia dela bertsogintzarako. Gogora ditzagun hemen bertso doinuaren hiru aldetikako eginkizunak eta badirudi hasi eta bukatu inongo errepikapenik gabe doan ale musikala zailegia eta nahasiegia dela, bai bertsolariarentzat bere bapateko artelanerako, bai entzulearentzat ahotik belarrira datorkiona garbi dasta ahal dezan, eta baita buruz ikasi eta oroimen gordailu izan dadin ere.

Bi mutur horien erdibidean dabiltza beraz bertso doinu gehienak. Zortzikoaren adibidearekin jarraituz, nola haundian hala txikian, puntu doinua lau puntuetako batean errepikatu egiten da, inoiz aldakuntza txikiren batekin. Lehen puntua eta bigarrena dira askotan errepikatzen direnak; hau gertatzen da adibidez berez seiko haundi ziren doinuetan, Pello Josepe, Ama Birjina Erkudengoa, Amodioa gauza zoroa eta antzekoetan, gero bertsolarien eraginez zortziko haundi bilakatu direnetan; eta horrela A-B-D hiru puntu doinu desberdin zituenarekin lau puntu kantatzen ditu bertsolariak 1. eta 2. puntuetan errepikatuz, A-A-B-D. Beste kasu gutxi batzutan 1. eta 4. puntuak dira errepikatzen direnak, A-B-D-A; baina kasu gehienetan 2. eta 4. puntua dira errepikatzaileak, A-B-D-B alegia; Aita Jainkoak egin banindu, Maritxu nora zoaz, Amigo batek hor topatu nau izenekoak dakartzat adibidetzat, batzuk ipintzearren baina bertso doinu gehienek barne egitura hau dute edo bestela honen oso antzeko beste hezurdura hau: A1-A2-B-A2, bigarren puntu doinua lehenengoaren joku musikalez osatzen baita askotan, esaldi musikalaren lehen erdia berdina eta 2. a desberdina delarik. Eta azkenik badira eta ez gutxi lau puntutatik hirutan errepikatzen diren doinuak ere, A-A-B-A; Ari naizela ari naizela, Kantore berri xarmant batzuek, Goizean goizik, esate baterako.

Bukatzeko eta laburbilduz esango nuke bertso mota honen hirugarren puntu doinua beti desberdina dela egiturari begira eta gainera beste hiru puntu doinuak baino goragoko melodia duela. Lau puntuko bertso doinuen arakatze labur hau, bertsozalea aspertu baino lehen bere honetan uzterakoan, ondoriozta dezakegu euskal musika popularrak bi eta hiru elementuz osatutako hezurdura duela orokorrean eta horrelaxe laburbil genezake; bertso doinu batzuk lau osagai desberdin dituela, askok bi, eta gehienek hiru. Eta lau puntukoetatik atera dugun ondorio nagusi honek oker haundirik gabe balio dezake puntu gehiagoko bertso doinuetarako ere.

Eta arau honen ondorioz, bi eta hiru puntutako doinu laburren balioak indar haundia hartzen du doinugintza orokorraren barrenean, izan ere beren bi edo hiru osagai desberdinekin (A-B-D) puntu gehiagoko doinuen oinarri izan datezkelako.

Edozein moduz ere, arriskugarria derizkiot bertso doinuak horrela hain hotzean aztertu nahi izatea, lore bizi ederra zatikatu eta arakatzea litzatekeen moduan. Bertsolari bakoitzak bere erara askatasunez jokatzen du doinuekin, askotan esan dugu,eta ez harritu zortziko doinua bere komenentzira hamarrekora moldatzen baldin badu, edo baita laukoa bera hamarrekoraino luzatzen baldin badu ere. Nere sailkapen honetarako ondorio garrantzitsua ateratzen da hemendik; sailkapeneko atal bakoitza ez dugula hartu behar alegia kutxa itxi gisan, beste atalekin zerikusirik ez balu bezala, ez horixe. Lauko txikiko doinua, eta seikoa, zortzikoa edota hamarrekoak, lotura haundia izan dezakete elkarren artean bertsolariaren eskuetan, A-B elementuz osatutako doinu sotilaz lauzpabost puntuko bertso doinua berak moldatuz; eta haundikoen artean berdin. Doinuaren erritmoari eta melodiaren muinari begiratzea komeni da, kasu askotan tronpatu ez gaitezen. Eta hemen neurriaz diogunaren antzeko zerbait aitor daiteke erritmoaz ere, lehen aipatu dugun eran, bertsolariek hori ere, kantuaren airea bera ere beren kantakerara egokitzen bai baitakite.