Kaixo, bertsozale:

Bertsotarako arbel digitala aurkeztera gatozkizu testu honen bidez. Bertsoak idatzi, landu edo bertsotan egiten ikasi nahi duenari zuzendutako tresna duzu hau, Euskal Herriko Unibertsitateko IXA ikerkuntza taldeak Bertsozale Elkartearekin elkarlanean sortutakoa.

Hainbat baliabide eskaintzen ditu tresna honek; laburbilduz, hauek lirateke garrantzitsuenak:

  • Errima-bilatzailea: hitz bat edo hitz-bukaera bat emanda (aukeran), hitz edo hitz-bukaera horrekin errima egiten duten hitzak itzultzen ditu. Silaba kopurua finkatzeko aukera dauka.
  • Neurri-markatzailea: neurri bat aukeratuta (adibidez, hamarreko txikia), bertsoa neurri horretan idazteko bete beharreko murriztapenak erakusten ditu: lerro bakoitzak izan beharreko silaba kopurua, eta zein lerrok errimatu behar duten.
  • Neurri-egiaztatzailea: neurri bat aukeratu ondoren, eta betiere bertsoa idatzitakoan, neurriari dagozkion murriztapenak betetzen diren ala ez egiaztatuko du; alegia, lerro bakoitzeko silaba-kopurua neurriari dagokionarekin bat ote datorren, eta errimatu beharreko lerroek ea errimatzen duten.
  • Sinonimo-bilatzailea: hitz bat emanda, emandako hitzaren sinonimoak itzultzen ditu.

Gure nahia  tresna hau Euskal Herriko hainbat etxetan eta bertso-eskolatan erabilia izatea da, eta bertsotan egiten ikasten ari direnei edo bertsoa osatzeko arazoak dituztenei laguntza eskaintzea. Horregatik, tresna erabilerraz eta intuitiboa egiten saiatu gara, ordenagailuak erabiltzen iaioa ez den edonorentzat ere erabilgarria izan dadin.

IXA taldearen laguntzarekin, Manex Agirrezabal izan da proiektu honen garatzaile nagusia.

Ohar edo hobetu beharreko zerbait ikusiz gero idatzi mesedez helbide honetara: ixa.arbeldigitala[a bildua]ehu.es

Zure gustukoa izango delakoan, ez adiorik.

 

 

Euskal Herriko Unibertsitatea IXA taldea Bertsozale Elkartea