Zer da bertsoa  |  Bertsolaritzaren historia  |  Txapelketen historia  |  Bertsolaritzaren transmisioa  |  Bertso doinutegia  |  Bertsozale Elkartea  XDZ 

 

Txapelketen historia

1. Sarrera
2. Gerra aurreko txapelketak (1935-1936)
3. Euskaltzaindiak antolatutako txapelketak (1960-1982)
4. Bertsozale Elkarteak antolatutako txapelketak (1986-  )
5. Txapeldunak

Ikus ere:

 

Sarrera

[gora]

Esan liteke beti egon direla nola edo halako "txapelketak." Iztueta behin baino gehiagotan deitu zuten bertsolariek epaile modura, eta berak idatzi zuenez "sarritan ikusten dira, bada, Gipuzkoako plaza agirietan hitz-neurtulariak apustu handiak lehendanaz eginik jokatzen buruz buru, bi bitara, eta lau lauren kontra ere, erabakitzaile gizon adituak ifinirik." Bertsoa lehiari lotua ageri da hasieratik, kirol apustuetan ere bertsoak zebiltzan tarteko, bai lehendik, bai ondotik, aurkariari trufa eta mehatxu egiteko. Iztuetak berak dakartza 1720koak direla dioen bertsook:

Hamar joku ta sei zeudenean
Erriberaren kopeta
bazirudien bazekarrela
elurrarekin tormenta
elizaraino sakatzen zeban
zortzi ontzako pilota

Baztandarrak hitzak eder
malmotea kolkoan
erraz irabazi uste zuten
partida galdutakoan
negarra mardul egiten zuten
Hernanin elizondoan

Lore Jokoen Bazkuna eratu zen Donostian 1877an, eta hark antolatuta egin ziren urtero bertsolari lehiaketak Santo Tomasetan. Urteroko elkartze hau izan zen txapelketa modernoen aitzindaria.

Gerra aurreko txapelketak (1935-1936)

[gora]

Hiru arotan bana liteke Bertsolari Txapelketa Nagusien historia: gerraurreko txapelketak, Euskaltzaindiak antolatutakoak eta Bertsozale Elkarteak antolatuak

Santo Tomasetako lehiaketak gain behera egin zuen urteen buruan, Lore Jokoek berek bezalaxe, eta Joxe Ariztimuño "Aitzolek" 1935-1936 txapelketetako bertsoak argitaratu ziren liburuxkaren hitzaurrean komentatzen duenez, "azkenaldi larrira espaniar diktadurak zekarkin bertsolarien joku eder hauxe. Betirako igartuko ote zitzaigun euskal landarea? Koplakarien hil behar honek larri genkarzkin Euskaltzaletakoak. Alegiko errotan alkartu ginan Lizardi zana, Jauregi olerkaria, Labaien antzezlaria eta Erauskin bertsolaria, gaitz horrentzako sendagairik aurkitzen ote genduan edo. Hango asmoak zerbaiterako izan ziran nonbait."

Baina txapelketa haien antolakuntzan gogor jardundako Joxe Zubimendi kazetariak bilera horren aurrekari interesgarri baten berri emango zuen 1939an, Parisen editatzen zen Euzko Deya-n:

BERTSO MINEZ

Udazkeneko gau giro ederra zan. Eusko Gaztediko areto berria, leihoak zabalik, haize egarri Donosti jostarian. Bazkideak maietan, han-hemenka, eguneko lanaren atseden, akeita hartuz edo museko hordago borobila boteaz jokoan edo goizetik gauerainoko gora-beheratzaz berritsu. Bat-batean, ustekabe, hor sartu zaigu gazte sail alai bat aretoan. Hain alaia ezezik! Egun osoa ibilketa batean botea zuten ta, azkenik, apal ondoan, Eusko Gaztedira ikertaldi bat egin gabe ezin jaia ongi biribildu. Zarauztarrak dituzu eta beren artean Basarri. Agurrak, bosteko estutzeak, bizkar gaineko esku-zartak. Gure artean jarri dira ta hau etengabeko berriketa! Baina haien artean bada bat berriketari lotuta ezin egon dana. Bihurri xamarra berez, barruan daukan pozari ezin eutsi ta mingainarekin ezezik, oin, beso, buru ta guzien beharrean arkitzen da poz hori agertzeko. Mutila nabarmentzen hasi zaigu; lainezaren bultzadaz, harroxko. Eizmendi gure mahaiean, ezin eramanik, sutan. Halako batean, zutik jarrita, beroaren bero, bertso hau zuzendu dio bere adiskideari:

Aizazu gazte, lagun nerea,
zertan zabiltza horrela?
Ez al dakizu hainbat jaun prestu
hortik begira daudela,
era hortako jolasketarik
gutxi maitatzen dutela?
Egizu kontu zuk Donostiko
Euzko Gaztedin zaudela;
umekeriak baztartu itzazu
ta ibili gizon bezela!

Bertsoaren indarra! Gazte bihurria ez zan gehiago sentitu; lainezak ihestu zitzaizkion; harrotasunak, urtu. Itsas barearen antzeko leun geldi zitzaigun. Bertso batek honelako indarra izanik, zenbat eta zenbat egin lezakete bertsolariak, bide zuzenean jarrita, gure egiaren zabalkunderako! Hau izan zan une artako oldozkuna. Une hartatik hasi zan Bertsolari Egunaren jaiotza (...).

Eusko Gaztedik zebilkian politika arazoak atzera ez zitzan bertsolariak, Euskaltzaleak bazkunari eskeini genion lehendakaritza. Bai Ariztimuño'tar Joseba Aitzol zanak pozik hartu ere. Geroztik bi bazkunak bat eginik, jarrai zioten lan onurakor honi.

Bide zuzenean jarri behar ziren bertsolariak, beraz. Izan ere, bide okerretik zebiltzan gehienak. Aitzolek idatzia zuen El Día egunkarian bertsolariak taberna zulotan zebiltzala, eta beraien bertsoei ustel kiratsa zeriela...

Lehen txapelketan, 1935ekoan, Euskal Herri osoko 20 bertsolari bildu ziren, kanporaketarik gabe. Haien artean zegoen Euzkadi egunkarian Basarri ezizenez sinatzen zuen kronista gazte bat, Iñaki Eizmendi. Huraxe zen, hain zuzen, isiltzeko agindu ziona Euzko Gaztediko zalapartariari, eta ezin egokiagoa "gure egiaren zabalkunderako"... Bera izan zen txapelduna.

Bigarren txapelketan 30 bertsolari lehiatu ziren finalerako 10 lekuak hartzearren. Finalisten artean zegoen taberna zuloetatik atera gabe ibiltzen zen arlote burutsu bat, eta gazte zintzoentzako eredu txarra zen arren berari eman behar izan zioten txapela. Bizi osoan bildutako merituez gainera, Manuel Lujanbio "Txirritak" zoragarrizko bertsoak bota baitzituen Victoria Eugenian.


Euskaltzaindiak antolatutako txapelketak (1960-1982)

[gora]

Hogei urte luzeko gerraondo baten ondoren, Euskaltzaindiak lortu zuen Bertsolari Txapelketa bat ("Campeonato Mundial de Bersolaris" zioen afitxak) antolatzeko baimena 1960an. Aurreko kanporaketetan 56 bertsolarik hartu zuten parte, eta hamar finalistetan Basarri gelditu zen nagusi, bigarrenez. Baina garrantzia berezia zeukan txapela honek, oso bestelako giroan irabazia zuenez. Bertsolaria saritu zen honetan.

Manuel Olaizola "Uztapideren" nagusigoa ekarri zuten 1962, 1965 eta 1967ko txapelketek. "Uztapide" kantatua zen 1936ko finalean, eta 1940-50 urte latzetan Basarrirekin batera zen ibilia herriz herri, bertsolaritza publikoaren ale bakan gisa. Basarrik errespetua eragiten zuen bezala zen maitatua Uztapide, molde zaharreko bertsolari seguru eta egokia. Berak polito kontatua du 1967ko finalean gertatu zen istilua:

"Erabakia hartuta etorri dira juradukoak: lauren artetik Xalbador aukeratu dute aurrera pasatzeko; arratsaldeko bigarren saioa Xalbador da Uztapide. Jendeak erabaki honeri txistuak jo zizkion, eta, nere iritzirako, oso gaizki dago Xalbadorri txistu jotzea. Nik ez dakit neri joak baziran ere, baina guk Xalbadorri jo zizkiotela pentsatu genduan.

"Gure egoera ederra zan orduan! Gu biok ginan han, jendearen aurrean txutik jarrita, txistuak noiz ixilduko ziran zai. Nola nahi dezute, ba, pakea izatea ? Gero esan zutenez, bost minutu ta erdi iraun zuan txistu-aldi harek. Gu bezelaxe urtero hor txapelketa hortan kantatzen izaten ziranak berak ikusi ginuzen okerrenak, eta inola ere gauza onik ez.

"Nik kantatu nuan nere agurra, eta Xalbador hasten da kantatzen eta ez zioten uzten. Gizon bat bazegoan han aurrean exerita; gure aurrean alegia. Hura hankan gainean jarri ta atzera begira bueltatu zanean, hartxek egin zuan pakea. Lehen ere behin edo behin egina izango da hura horrenbeste, eta orduan ere bazan haren beharra. Gozoa jarri zan hura! Lehoia bezela jiratu zan, eta atzaparrakin ere helduko zien txistu jotzen ari ziran haiei, ondoan eduki balitu. Merezi du jartzea horren izena, ez dakit berari gustatuko zaion baina. Joakin Zubiria da hori, hango pakeak egiten hasi zana. Orduan ixilaldi bat egin zan, eta hartaz baliatu zan Xalbador kantatzen hasteko:

 

Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa
neure gustura nagonik,
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik;
zuek ezpazerate kontentu
errua ez daukat, ez, nik...

"Jendea txaloka hasi zan orduan. Bazan garaia! Ezin segitu izan zuan Xalbadorrek. Bi pusketan kantatu zuan. Jendea ixildu zanean, honela bukatu zuan:

 

...zuek ezpazerate kontentu
errua ez daukat, ez, nik,
txistuak jo dituzute bainan
maite zaituztet orainik!

"Lehen txistuak bezela, txaloak ziran orduan. Nolakoak gainera! Jendea zertara hasten dan izaten da. Txistu-soinu haundiak Anoetako pelota-lekuan, eta jendea Xalbadorren bertso horrek jarri zuan txaloka. Bertso ederra zan, izan ere, hura. Gero ere egun hartako bertsorik onentzat juzgatu zuten bertso hura.

"Xalbadorrek negar egiten zuan, eta ez da gutxiagotarako, izan ere. Txistuka ari zan jendea bertso batekin txaloka jartzen duan gizonak badauzka merituak. Ez dago hari zertan txistu jorik.

"Geroztik ez da txapelketarik egin, eta alde batera ez egitea ere hobe, ala ibiltzekotan; batean txistua, bestean ujua, beti bazan zerbait eta."

Berrikuntza handi bat ekarri zuten 1980 eta 1982ko txapelketek. Hobe esan, Xabier Amurizak ekarri zuen berrikuntza txapela jantzi zuen urte haietan. Ordurako ezagunak ziren Zamorako kartzelatik bidalitako bertso ederrak, baina gutxik uste zuten bat-batekotasunean halako maisutza erakutsiko zuenik: bertsolaritzaren historiaren oinordeko jakile, poesia modernoari zabalik, iruditeria berritu zuen, metafora sartu zuen, doinu berriak ekarri zituen... Eta bizkaitar kontziente moduan, euskara batuan kantatu zuen, hautu horrek hegoaldeko bati neurrian suposatzen dizkion zailtasun guztiak gaindituz. Bere lanak egungo bertsolaritza modernoaren oinarriak ezarri zituela esatea ez da berokeria.

"Gizona ez da ogiz bakarrik bizi", X. Amuriza.

 

 


Bertsozale Elkarteak antolatutako txapelketak (1986-...)

[gora]

Txapelketaren antolamenduaren inguruan sorturiko desadostasunak zirela bitarteko, halako hoztasun eta urruntze bat gertatu zen bertsolarien eta Euskaltzaindiaren artean. Bertsolariek berek, zenbait bertsozaleren laguntzaz, antolatu zuten 1986koa. Erabaki honek ekarriko zuen handik laster Bertsozale Elkartea sortzea.

Txapelketa hauetan 100 bertsolarik hartu izan dute parte, batez beste. Kontuan hartzen badugu ez dutela urtez urte beti berdinek errepikatzen, txapelketon inguruan bertsolari andana handia mugitu dela esan genezake. Bestaldetik, txapelketok Donostiako belodromoan jokatu dira beti, eta honek izugarri handitu du ikuslego zuzenaren kopurua, belaunaldi gazteak erakarriz.

Sebastian Lizaso, 1986ko txapelduna, talentu berezikoa dugu zirian, azkarra erantzunetan eta arrazoibidean. Mendera ezina eztabaidan, Txirritaren eta Pello Errotaren oihartzun eguneratua dakar Lizasok.

Jon Lopategi, 1989ko txapelduna, ibilbide luzekoa dugu bertsogintzan, asko jarduna eta asko nozitua. Enbeitatarren inguruan sorturiko eskolako ordezkari, izugarri zaila den sintesia lortu du: konpromisoa dotoreziaz.

Andoni Egaña, 1993, 1997, 2001 eta 2005eko txapelduna, Amurizak urratutako bidean hasita egin du bere estilo berezia: zaindua forman, sakona arrazoietan, kultua hizkeran, gozoa irrian. Bera lana da orain bertsolari gazte askoren abiapuntua.

2009ko Txapelketa Nagusian, Maialen Lujanbiok irabazi zuen txapela.


Txapeldunak

[gora]

urtea
lekua
txapelduna
1935
Donostia

Iñaki Eizmendi "Basarri"

1936
Donostia
1960
Donostia
1962
Donostia
1965
Donostia
1967
Donostia
1980
Donostia
1982
Donostia
1986
Donostia
1989
Donostia
1993
Donostia
1997
Donostia
2001
Donostia
2005
Barakaldo
2009
Barakaldo